Introdukzioa

‘Euskaraz Etxetik Mundura’

Funts Filologikoen Biblioteka hizkuntzen mundura mugatzen den liburutegi monotematikoa da, hizkuntzei buruzko funtsen gordailua. Munduko edozein hizkuntzari datxekon zeinahi gramatika, hiztegi, mapa, dokumentu bildu, katalogatu eta kontserbatu nahi du. Xede handinaia, agian handinahiegia, baina mamitzen hasita dagoena, jada jaioa. Bibliotekaren izena Universum Philologicum Biblioteka da.

Biblioteka honen hasierako helburua, iraungitzeko arriskuan legokeen munduko edozein hizkuntzaren material lenguistikoa biltzea zen. Gero ideia hau areagotu egin zen hurrengo galderaren aurrean: Eta zergatik ez bildu latin eta greko klasikoaren material linguistikoa ere, nahiz eta hizkuntza “iraungiak” izan? Zalantzarik gabe, lan gaitza zatekeen hau bere hainbat ertz kontuan hartuta: espazioa, denbora, kostua, etab. Ondoren bigarren galdera bat sortu zen: Eta zergatik uko egin geure hizkuntza euskarari buruzko materiala biltzeari, nahiz eta oraindik ez egon iraungitzear? Ideia hau ere onarturik, hizkuntzen unibertso osoari kriterio berbera aplikatzea izan zen azken erabakia. Bat-bateko deliberamendua izan zen lanari ekin eta bizitza osorako hobby bakartzat kontsideratzea. Horregatik, bada, egoki litzateke iraungitzear dauden hizkuntzei buruzko materialaren katalogo informatiboaren argitaratze hutsa, hots, hasierako asmoa garrantzi handiko enpresa bilakatu dela azpimarratzea. Eragozpen handiz ari da mamitzen, baina, aldi berean, baita ilusio pertsonal bikainagoz ere.

Seguru irakurleak oker eta hutsegite gehiegi aurkituko dituela. Hainbatentzat hizkuntzaren kategoria duena, beste hainbatentzat dialektoa izan daiteke eta hau hizkuntzalari eta filologoen artean ere usu gertatzen da. Mundu anglosaxoian era batera izendatu eta interpretatzen diren hizkuntzak eta ezaugarriak, latindar munduan (nolabait esatearren) txit ohikoa da ados ez etortzea. Hizkuntza asko dira haien izenak ingelesez, frantsesez, espainieraz edota hiztunen herriak berak emandako izenen artean inolako adostasunik ez dutenak. Berebiziko anabasa honen aurrean, bildumagile apal bat baino ez naizelarik, benetan gauzaez sentitu izan naiz izen zehatzak urgenteki hautatu behar nituenean. Ez dagokit niri, ez horixe!, interpretazio zuzenak ezartzea. Baina, gaur logikoa denez, gehienetan ingelesari men egin diot. Desenkusatzen naiz anitz kasutan zuzen jokatu ez izanaz, eta atsegin handiz diot jasotako iradokizunak oso kontuan izango ditudala.

Azpimarratu nahi nuke, bada, biblioteka honen xedea erabat dibulgatiboa dela, ez duela inolako asmo zientifikorik, dagokion hizkuntzari buruz datuen bilketa minimo bat osatzea baizik. Aipatu hizkuntza mintzatzen duen edota zuen herriaren historiaz gutxieneko baina guztiz beharrezko argibideak ematen dira, bere kokapen geografikoa, fonetika eta morfosintaxiaz azalpen solte batzuk eta alfabetoa, hau guztia irakurlea akuilatzeko pizgarri gerta dakion, hala nahi balu, dagokion hizkuntzan sakontzeko.

Txit argi geratu behar duen beste kontu bat da oraingoz ezingo direla liburutegian dauden dokumentuak erabili, kontsultatu, ezta mailegatu ere. Funts guztiak kaxatan gordeak daude, egoki erakusteko aukerako tokirik ezean. Irakurleak har beza web orri honetako edukia, dagoen materialaren informazio huts bezala.

Azkenik eskerrak eman nahi nioke material hau lortzen lagundu didan asko eta askori, eta halaber eskertzen diet biblioteka honen berri izan eta ekimena ederretsi ondoren, beren gramatika, hiztegi edota dokumenturen bat bolondreski dohaintzan eman didatenei, beren jabetzan baino bibliotekan egokiago dagoela iritziz. Hain zuzen ere, batzuei material dezente zor diet, baina ez da hau emaileen izenak agertzeko unea, nahiz eta beren zerrenda (izenak eta dohaintzako materiala) xera bereziaz gordetzen dudan.

Ezin konta ahala datu kontsultatu eta inguratzeko baliatu dudan materiala hurrengo liburuek osatzen dute nagusiki:

  • ¿QUÉ SON LAS LENGUAS? Alianza Editorial, Enrique Bernárdez, 20x13, 383 or., Madrid, 2001.
  • ATLAS DES LANGUES DU MONDE, Une pluralité fragile, Roland Breton, Paris, 2003.
  • DIALECTOLOGÍA ESPAÑOLA, Biblioteca Románica Española, Gredos, segunda edición muy aumentada, Alonso Zamora Vicente, Madrid, 1970.
  • EL UNIVERSO DE LAS LENGUAS, Editorial Castalia, Juan Carlos Moreno Cabrera, 1347 pág., Madrid, 2003.
  • ETHNOLOGUE, Volumes 1 and 2, fourteenth edition, SIL International, Barbara F. Grimes Editor, Dallas, Texas, 2002.
  • GRAMÁTICA COMPARADA DE LAS LENGUAS IBÉRICAS, Biblioteconomía y Administración Cultural-259, Ramón Andrés Díaz, Ed. Trea, 24x17, 822 or., Asturias, 2013.
  • LENGUAS DEL MUNDO, Espasa Calpe, Rafael del Moral Aguilera, Madrid, 2002.
  • MUNDUKO HIZKUNTZEN IZENAK EUSKARAZ, Uztaro-54, Giza eta gizarte zientzien euskarazko aldizkari akademikoa, 29?59 orrialdeak, Bilbao, 2005.
  • GRAN ENCICLOPEDIA LAROUSSE, Planeta, 1977.
  • ORIGEN DE LAS LENGUAS OCCIDENTALES, 100 – 1500 d.C., Biblioteca para el Hombre Actual, Philippe Wolff, Ed. Guadarrama, 19x13, 256 or., Madrid, 1971.
  • WIKIPEDIA, The free encyclopedia.